2015-09-16

Alardeak, indarkeria matxista eta ardura instituzionalak

Hauteskundeak pasa ondoren, gaur Durangon, EUDELeko (Euskadiko Udalen Elkartea) ez ohiko batzar nagusia eratuko da, Batzorde Eragilea eta Lurralde Batzordeak hautatzeko. Lehenengo batzordean aurkeztutako hautagaitzen artean, Jose Antonio Santanorena dago, Irungo alkatea, eta bigarrenean, Txomin Sagarzazurena, Hondarribiko alkatea.

Hautagaitza hauek eta suertatu daitezkeen izendapenak oso inkoherenteak dira praktika demokratikoarekiko, zeren eta aipatutako alkateek, ez batek, ez besteak, ez baitute ikusten, ezta politikoki zuzena sikiera, beren udalerriko alarde mistoei harrera instituzionala egitea, non duela 20 urte baino gehiago era parekidean parte hartzen duten emakumeek eta gizonek.

Euskal instituzioek espresuki aitortzen dute, beren arauen eta protokolo juridikoen bitartez, indarkeria matxista oinarrituta dagoela eta elikatzen dela, emakumeak nolabait gaitzesten dituzten eguneroko ohitura eta jokabideetan eta edozein giza esparrutan, nahiz pertsonen arteko harremanetan, nahiz administrazio publikoaren praktiketan.

Hala ere, alkate hauen jokaerak berdintasunezko alardeei buruzko mezu esanezina bidaltzen du, baina argi eta erraz ulertzekoa dena, zilegi egiten duena emakumeak mespretxuzko eta gaitzesteko objektua izatea, emakumeen aurkako indarkeria elikatuz modu horretan.

Arrazoi horrengatik, itsutasun demokratiko larria litzateke txikikeria bezala ulertzea alarde mistoekin gertatzen ari dena, eta jarraitzea emakumeei bizkarra ematen dieten eta administrazio publikoak berak berari emandako berdintasun legeak urratzen dituzten alkateak, are eta ardura instituzional handiagoko karguetarako izendatzen.

Arduragabekeri politiko arriskutsu hori aintzat hartuz, joan den abuztuan, Euskal Herriko Mugimendu Feministatik, 44 elkartek eta 300 pertsona inguruk babestuta, jakitera eman zen komunikatu bat, non EUDELeko karguetatik Irungo alkatearen dimisioa eskatzen zen.

Pentsatzen dugu eskakizun hau emakumeen aurkako biolentzia prebenitzeko balioko jarduera demokratikoa dela. Klabe berean jardun beharko lukete EUDELeko hurrengo batzarrean hautagaitzak aurkezten dituzten indar politikoek. Goraipatzeko koherentziaren erakustaldia litzateke beraien aldetik saihestea, botere publiko handiagoz saritzea, demokrazia indartu beharrean, emakumeentzako arriskuak ongarritzen  dituzten alkateak.

Euskal Herriko Mugimendu Feminista


No hay comentarios:

Publicar un comentario