Behean sinatzen dugun elkarteok, gogor gaitzesten dugu José Antonio Santano
Clavero Irungo alkatea, berriki Eudel-eko lehendakari izendatu izana. Era
berean bere presazko DIMISIOA
exijitzen dugu, ezaguna baita emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari
bizkar ematen diola, Irungo Alardearen aurrean beti izan duen jarrera
onartezinak agerian utzi izan duenez.
Irungo Alardea, duela 21 urte emakume talde batek beraien herriko jaietako
ekitaldi nagusian parte hartu nahi izan, eta parte hartzen utzi ez zitzaienean
sortutako auzia da; eta auzi honek konpondu gabe jarraitzen du gaurko egunean.
Ukazio honek sortu zuen oraindik bizirik dirauen auzia. Irungo udal gobernuek muzin
egin diete legediari eta berdintasuna aldarrikatzen zuten emakumeei. Hau aski
izan ez eta gaur egun indarrean dauden bi alardeekiko jarrera erabat desberdina
hartu izan dute, alarde parekidea baztertu eta gaurko egunera arte alkatearen
aldetik harrerarik jaso gabe sekula.
Jose Antonio Santano Clavero Irungo alkate denak 2002 urteaz geroztik, Auzitegi Gorenaren sententziaz baliatuta legea
betetzen duela dio, honek baitio alarde tradizionalak ez duela legea apurtzen,
emakumeek bertan parte har dezaketen beste alarde parekide bat dagoen neurrian.
Irungo alkatea harrituta agertu izan da, eta haserre ere, Eusko Legebiltzarreko
Giza Eskubideen Batzordera joan behar izan duelako, 2014ko azaroak 21ean. Irungo
alkateak agerraldi hartan dio bi aukerak legezkoak direla, baztertzailea den
alardea eta inolako pitzadurarik gabe babesten duena batetik, eta alarde
parekidea bestetik, nonbait gaitzesten duena sekula ez baitio harrerarik egin.
Biak errespetatzen omen ditu, baina tradizionalari bakarrik egiten dio harrera.
Eransten du gainera, hilak 30ean Irunen
izandako orok badakiela, arazo bakarra alarde parekideari harrera egitera
joaten diren Erakundeek sortzen dutela. Ez du kontuan hartzen nolako mespretxua
suposatzen dien Alarde parekideko kideei, emakume eta gizonek berdintasunean
parte hartze soilagatik, beraien herriko goi kargu nagusiak sekula ez artatu
izanak.
Agerraldia erabili zuen herritarren parte hartzea txalotzeko, alarde
tradizionala osatu izanagatik nonbait, eta gogora ekartzeko “beste” alardeak ez
bezala ez dutela diru laguntzarik jasotzen Erakundeen aldetik. Eta horrela
iristen da esatera “Hay un
trabajo de mucha gente para que haya respeto y convivencia”, ahantziz nonbait hala egitera behartzen duela onarpen
ugari jaso duen Erkidegoko Berdintasunerako Legeak. Irungo alkatearentzat “bake
soziala” emakumeen giza eskubideen babesa baino garrantzitsuagoa da. Eta agerraldiaren
amaieran esatera ausartzen da, hiriko berdintasun planak ez duela zertan
eragiten eta zerikusirik ere Alardearekin; eta edozein kasutan, Berdintasun
Plana ere udal eskumenekoa dela esaten bukatzen du. Bera emakumeak baztertzen
dituen gehiengo sozialarekin dago, eta berdintasuna babestea “katuari bost
hanka bilatzea” dela dio.
Esandako guztia ez da berria, baina komeni izaten da gogora ekartzea,
gauzek nola egiten duten aurrera, atzera edo bere horretan geratu ote diren
neurtzeko garaian.
Berriki Europako Udal eta Erregioen Kontseiluak EUDELi eskaini dio
Berdintasunerako Batzordeko Lehendakaritza (Standing Committee for
Equality). Gune hau, batzordekide
diren herrialdeetako berdintasun politika lokalak koordinatzeko goi organoa da.
Izendapen hau Eudelek jaso du, besteren
artean Berdinsarea, Berdintasunaren aldeko Euskal Udalen Sarea, emakumeen
kontrako biolentziari aurre egiteko hartutako neurriak (Emakunderekin batera)
eta Beldur Barik programaren bitartez, berdintasunaren alde egindako lan
eskerga aitortzen zaiolako.
EUDELeko zuzendaritzan alor orotarako Berdintasunaren
ardura duena, gaur egun Galdakaoko alkatea den Ibon Uribe den arren, eta honi
egokituko bazaio ere Batzordearen lehendakaritza hartzea, lotsagarria da
Santano Clavero gisako ordezkari politiko batek ordezkatzea EAE Europan, eta
horregatik uste dugu EZ DELA EGOKIA ez esportatua izateko ez eta ordezkaritza
lan hori egiteko ere. Gu behintzat ez gaitu inoiz ordezkatuko, emakumeen oinarrizko eskubideak errespetatzen
ez dituen pertsona batek.
Santano Clavero eta egoera hau bere horretan
mantentzea ahalbideratzen duten gainerakoek, trufa egiten diete beraien
alderdien esku dauden Erakundeei, hala nola Emakunde edo Arartekoa; eta nola ez, beraien sokakoak ez direnen
kontra jotzen dute, Gipuzkoako foru Aldundiarekin egin izan duten moduan,
aurreko legegintzaldian EHBilduk kudeatzen zuenean, Alarde parekidearen aldeko
jarrera irmoa erakutsi baitzuen aldioro.
Nola bultzatu ahalko dira berdintasun politikak
esparru lokal guztietan, Eudel-en lehendakaritza duenak jaietan emakumeen
kontrako bazterkeria babesten badu? Nolatan izango da bi urtetan zehar Eudel
berdintasun gaietan erreferentzia Europa mailan, bera alkate den udalean
berdintasun legea betetzen ez duen pertsona batengan uzten badu lehendakaritza?
Ez dugu ulertzen nolatan, bere burua demokratikotzat jotzen duen entitate
batek, hain saminki zauritzen duen emakumeen duintasuna.
Behean sinatzen
dugun elkarteok JOSE ANTONIO SANTANO CLAVEROren
PRESAZKO DIMISIOA eskatzen dugu, eta
indarrean dagoen berdintasun legediak exijitzen dituen oinarrizko baldintzei
erantzungo dien pertsona baten izendapena egin dadila eskatzen dugu. Eta euskal
erakundeei jarraituko diegu eskatzen, urtero Hondarribia eta Irunen ematen den
emakumeen eskubideen kontrako urraketari konponbide bat aurki dezatela.
No hay comentarios:
Publicar un comentario